Lehendakaria ere Sartu-ren eta Haize-Gain-en urteurrenak ospatzen

Erakunde biak Sargiko kideak dira, eta jardunaldi batzuk antolatu dituzte “gizarte inklusioaren erronkei” eta “mendekotasunetan esku-hartzeari” buruzko gaiei heltzeko

Agipad Web

.
Sartuk –marjinazioaren eta gizarte bazterketaren aurkako babes sozialeko euskal erakundea– eta Agipadeko –Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkartea– Haize-Gain komunitate terapeutikoak Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren babesa jaso dute duela gutxi, erakunde biek beren urteurrenak ospatzeko antolatu dituzten jardunaldietan.
Sargik eskerrak eman nahi dizkio euskal exekutiboaren buruzagiari, hirugarren sektoreko erakundeekin bere gain hartutako konpromisoagatik, eta zoriondu egin ditu bi erakundeak urte hauetan guztietan gizartearen alde egin duten ibilbidea eta lanagatik.

Joan den irailean Sartu gizarteratze elkarteak jardunaldi batzuk antolatu zituen bere 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien baitan, Gizarte Inklusioaren Erronkei heltzeko asmoarekin. Abiapuntua izan zen egun dugun sistema eta eredu krisiari aurre egitea gizarteek elkartasun eta konpromisoan oinarritutako lotura berriak sortzeko aukera gisa, zerga politiken eta politika ekonomiko zein sozialen diseinuan islatuta.

Kontuan izanda une honetan “ia eztabaida guztiak nagusiki ekonomiaren ikuspuntutik egiten direla”, Sartuk horretan aurrerapauso bat eman nahi izan du “inklusioari zeharka begiratuz, pertsonak herritarrak diren neurrian lehen tokian jarriko dituen kultura inklusiboa bultzatuz”. Hori dela-eta, “aurrerago joan nahi dugu, etorkizunari berriro itxaropentsu begiratu eta denok batera gizartea eta Euskadi inklusibo izateak dakarren erronkaren gainean hausnartu”, azaldu zuten elkartekoek.

Premisa horietan oinarrituta, programa zabala prestatu zen Lan Harremanen Unibertsitate Eskolarekin batera Abandoibarrako EHUren paraninfoan egiteko. Ekitaldian pertsona ezagunak izan ziren, esaterako Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Juan Maria Aburto, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuordea; Pilar Ardanza, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua; Eduardo Maiz, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza eta Etxebizitzako zinegotzia; Stanislav Ranguelov, Espainiak eta Portugalek Bruselako Batzordeko Enplegurako, Gizarte Gaietarako eta Inklusiorako Zuzendaritza Nagusian dituzten Enplegu Politiken eta Europako Gizarte Funtsaren arduraduna; edo Iñigo Lamarca, Arartekoa, beste askoren artean.

Haize-Gain
Haize-Gain komunitate terapeutikoak, berriz, uda aurretik ospatu zuen bere urteurrena, Mendekotasun egoeretako Esku-hartzeei buruzko lau jardunaldia eginez. Haize-Gain, berez, mendekotasun arazoak dituztelako prozesu psikoterapeutiko eta hezitzaile gisa ohiko inguruneetatik aldenduta egon behar duten pertsonez arduratzeko elkarte bat da, Agipad Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duela hogeita hamar urte sortu zutena.

Programa Donostiako Psikologia Fakultatean garatu zen eta komunitate terapeutikoa hainbat ikuspuntutatik aztertu zen. Programari hasiera emateko Hezkuntza eta Mendekotasunak izeneko gaiari buruzko eztabaida egin zen, estrategiak eta metodologiak berrikusita, eta esku-hartzeetan hezkuntza komunitatea osatzen duten elementuen arteko koherentzia bilatuta. Debatean hainbat profesionalek parte hartu zuten, esaterako, Amando Vegak, Manu Gonzalez de Audikanak eta Pakita Mateosek.

Bigarren eguna Mendekotasunen Klinikari eskaini zitzaion. Mendekotasunei heltzeko moduen benetako erakusketa bat, norbanakoan zentratuta eta ez hainbeste gaian. Amalia Urquiola, Lurdes Ortigosa eta Rosa Ruiz arduratu ziren jarduera horretaz.

Hirugarren hitzorduan Gabriel Roldanek eta Mikel Plazaolak Ikuskapenaren gaiari heldu zioten. Hau da, esku-hartzeen kalitatea bermatzeko eta, beraz, profesionala kontratatzen duen erakundeak ematen duen zerbitzuaren kalitatea ere bermatzeko, profesionalaren zaintza lana bultzatu eta erakundearen, lantaldeen eta profesionalaren beraren garapena eta lana oztopatu ditzaketen elementuak lantzen laguntzen duen sistemaz aritu ziren.

Jardunaldiak bukatzeko, Komunitate Terapeutikoen Orainaz eta Etorkizunaz eztabaidatzeko mahai ingurua egin zen, Domingo Comas, Juan Antonio Abeijon eta Juan Miguel Llorente del Pozo profesional garrantzitsuen eskutik.

Aniversario

Utzi erantzuna