SARGIk EHUren Uda Ikastaroen inaugurazioko ikastaroan parte hartu du eta 120 bat lagun elkartu dira

Ikastaroek aurrekontuetan izan dituzten murrizketak direla-eta egon diren zalantzak atzean utzi eta, izan duten kalitatezko programari esker, soberan gainditu dute batez beste izan ohi duten publikoa.

Cursos UPV

‘Buruko gaixotasuna izan eta babesik gabe geratzeko arriskuan dauden pertsonen arreta’-ri buruzko Uda Ikastaroa Hurkoa elkarteak antolatu zuen, ekainaren 17 eta 18rako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamentuarekin eta SARGI elkartearekin lankidetzan, eta ikastarotik espero zena ondo baino hobeto gainditu zen.  Batez beste 120 bat lagun bertaratu ziren programatutako konferentzia guztietara, eta ia bertaratutako guztiak eremu profesional honetakoak ziren. Publikoak kurtsoaren bukaeran eman zuen balorazioa oso positiboa izan zen.

EHUko Uda Ikastaroak gogor hasi dira aurten, inaugurazioan kalifikazio handia jaso duen programarekin. Buruko gaixotasunak izan eta babesik gabe geratzeko arriskuan dauden pertsonen arretari buruzko ikastaroak, Hurkoa Fundazioak prestatuak, 120 pertsona inguru biltzea lortu zuen, planifikatutako konferentzien gaineko balorazioan puntuazio altua eman zutelarik. Zifra horrek soberan gainditzen du ikastaro guztietan egon ohi den pertsona kopurua, eta are balio handiagoa dauka bertaratutako pertsonen mailagatik, nagusiki profesionalak zirelako eta geografikoki erakunde laguntzaileen jardute eremutik hurbil zeuden pertsonak zirelako.

Ikastaroa buruko gaixotasunak dituzten eta babesik gabe geratzeko arriskuan dauden pertsonekin esku hartzeko metodoez eta bitartekoez gogoeta eta lan egiteko gunea izan zen. Pertsona horiek bizi duten errealitatea jakitera eman eta aztertu egin zen, eta haiengan eragiteko estrategiak ikertu ziren, bereziki babesgabe egoeran eta gizarte bazterketarako arriskuan daudenentzat eta gizartean, familietan, egoitzetan, eta beste hainbat lekutan elkarbizitza hausteko aukera handia dutenentzat.

Buruko gaixotasuna duena onartzea

Puntu horiei heltzeko programa osotua prestatu zen ikastaroaren bi egunetarako. Lehenengo egunean, SARGIko Miren Igone Virtok eta Lourdes Ortigosak hitzaldia eman zuten, gai honen gainean: “El pan de cada dia:. Buruko gaixotasun larriak dituzten pertsonekin bizi diren kolektiboen ikuspegia. Hitzaldian zehar azpimarratu nahi izan zuten zer garrantzitsua den gizarteak buruko gaixotasunak onartzea, pertsona horiek etorkizuna errazagoa izan dezaten.

“Horixe da benetako erronka”, ziurtatu zuten; izan ere, “zenbat eta baztertuago, orduan eta larriagoak buru osasuneko arazoak”. Laguntzak eta bitartekoak deskoordinatuta daudenean, buruko gaixotasunak dituzten pertsonak gero eta patologia eta marjinazio maila larriagoetan sartzen dira”, azaldu zigun Ortigosak. Bere esanetan, “bazterketa horrekin, gaixo dagoenak besteak baino txarragoa dela sinesten du eta kronifikazio zirkulu batean sartzen da”.

Hori horrela ez izateko, Virtok prebentzioa azpimarratu zuen gaixoaren estigmatizazioa ez gertatzeko. Hasiera-hasieratik egin beharreko lana, gizartearen eremu guztietan gaixoak onartuak eta integratuak izan daitezen elikatuta. Horrez gain, azpimarratu egin zuen “Banakako Planak garatu beharra dagoela buruko gaixotasunak diagnostikatzen diren unean”.

Premisa horiekin, Ortigosak ziurtatu zuen “bizimodu integratua eta autonomoa egitea erabat posiblea dela, beraien buru gaixotasunaren maila, hurbilen dituztenen laguntza eta baliabide eta tratamendu egokien erabileraren arabera”. Hori bai,” lagundu behar zaie baina ito gabe – gehiegi babesten badira autonomia eta eraginkortasuna kentzen zaie- eta heziketaren bitartez, buru gaixotasunaren gainean transmititzen ditugun balioak zainduz”, adierazi zuen.

Gizarte bazterketa adineko pertsonengan

Interes handia piztu zuen Madrileko Unibertsitate Konplutentseko Psikologia Klinikoko Saileko zuzendari Manuel Muñozek Adineko Pertsonen Buru Osasuna eta Gizarte Bazterketa: Egoera eta esku-hartzeko aukerak gaiarekin eskaini zuen hitzaldiak ere.  Muñozek gizarte bazterketaren eta bakardadearen ondorioen gaineko azken azterlanak aipatu zituen, eta esan zuen azterlan horiek pertsonen ezagutzan, emozioetan, motibazioan eta portaeretan ondorioak izan ditzaketela baieztatzen dituztela, bai eta ondorio neuropsikologikoak ere ekartzen dituztela eta ondorio horiek ezagutzen hasi direla ere.

Hala, arazo mota horietan esku hartzeko dauden aukera nagusiak azpimarratu zituen: bilaketa aktiboa, bakarrik dauden pertsonak identifikatu eta erakartzeko estrategia gisa; udal instantziek, adineko pertsonez zuzenean arduratzen diren pertsonek, elkargo profesionalek eta Unibertsitateak elkarrekin egindako lana, elkarlanerako eta batera aritzeko taldeak osatuz, alderdi aplikatuenak eta ikerketa lanaren eskakizunak elkartu ahal izateko; edo bilaketa aktiborako eta pertsonak erakarri eta tratatzeko estrategia psikologikoetan trebatuta dauden profesionalak edukitzeko premia, populazio talde honen arazoei nolabaiteko bermeaz heldu ahal izateko.

Psikiatriak bere gain hartu beharreko erronkak

Hitzaldi garrantzitsuenetako bat Bizkaiko Buru Osasuneko Sareko Kudeaketa Klinikoko unitateburu eta Birgaitze Psikosozialerako Elkarteen Espainiako Federazioko lehendakari den Jose Juan Uriartek emandakoa izan zen. Gai honi erantzutea egokitu zitzaion:  tratamendu medikoa emateaz gain, zer egin dezake psikiatriak buru gaixotasun larria dutenen alde? Eta, “baliabideen garapen eskaseko testuinguruan”, psikiatrek etorkizunerako beren agendan markatuta dauden erronka batzuk zerrendatu zituen.

Horien artean, eta nagusia, buru gaixotasunen azpian dauden faktore biologiko, psikologiko eta sozialak hobeto ezagutzea litzateke. “Erabakigarria da ikerketan inbertsioari eustea, ez bakarrik oinarrizko ikerketarako, emaitzei eta zerbitzuen antolaketari buruzko ikerketan ere bai”, adierazi zuen Uriartek. Arreta eskaintzeko sistema komunitarioaren alde ere egin zuen, zerbitzuak eskuragarri izango dituen eta zerbitzu integralak eskainiko dituen sistemaren alde, gaixo dauden pertsonen premietara egokituak eta pertsonak bere onera ekartzera bideratuak. “Etengabeko erronka dugu hau, berezi-bereziki sistemaren iraunkortasuna zalantzan dagoen une honetan”, ohartarazi zuen.  Horrez gain, gogora ekarri zuen nola estigmaren aurkako borroka oraindik irabazteke dagoen, eta, adierazi zuenez “horretan denok gaude inplikatuta, profesionalak beraiek, gaixo daudenak, erakundeak eta gobernuak, eta bereziki gizartea”.

Ahaleginak bikoiztea arlo soziosanitarioan

Bigarren egunean Iñigo Lamarka Arartekoaren interbentzioa nabarmendu zen. Lamarkak EAEko Buru osasunaren arreta: Erronkak eta Aukerak izeneko ikerlana aurkeztu zuen.. Lan horretan Arartekoaren erakundeak aitortu egiten du bereziki zaurgarriak diren kolektibo horien buru osasuna zaintzeko eta babesteko azken urteetan euskal administrazio publikoek ahalegin bikaina egin dutela, eta, bide batez, ekimen berriak edo gehiago garatzea edo hobetzea behar duten gaiei erreparatu egin zien.

Hala, gogora ekarri zuen “ azken urte hauetan bultzada nabarmena eman zaiola adineko pertsonen eta haur eta gazteen buru osasunerako zentroen sorrerari, ezarpenari eta hobekuntzari, bai eta pertsona horientzako ospitaleratze laburrerako, eguneko ospitaleratzeetarako eta egonaldi ertaineko ospitaleratzeetarako unitateak zein birgaitze unitate eta psikogeriatrikoak sortu, ezarri eta hobetzeari ere, ospitalez kanpoko egoitza egiturak, esaterako tutoretzapeko etxe, gainbegiratutako etxe, miniegoitza, egoitza, komunitate terapeutiko, babespeko ostatu eta hostalak, poliki-poliki sortu eta handitzeari emandakoa ez ezik, hori dena erakundeetatik ateratzeko prozesu bukatugabearen barruan”.

Lamarcak, aldiz, EAEko Buru Osasunerako estrategian ezarritako aurreikuspenak gauzatzea falta dela azpimarratu zuen, zehazki nortasunaren nahasmenduen kasuan, horietan “kezkatzeko moduko atzerapenaz” gabiltzala zioen eta. Bere hitzetan, finantzaketa faltagatik “Arlo Soziosanitarioa”-ren garapenean egon den atzerapena “tamalgarria” da, eta zerbitzu sozialetara eta, egun bizi dugun krisi ekonomiko larria dela-eta, osasun zerbitzuetara iristeko moduak hobetzeko “ahaleginak bikoiztu” beharra dagoela azpimarratu zuen.

Babes juridikoa

Hurkoatik bere zuzendari laguntzaile Andikona Uriartek hartu zuen parte, Lege babesa versus esku-hartze soziokomunitarioa izeneko hitzaldiarekin. Hitzaldian adierazi zuenez, “pertsonaren dimentsio anitzen barruan, babes juridikoa ere oso zati garrantzitsua da”. Horrela, gogora ekarri zuen nola pertsonak, beraien osasun edo bizitza egoera edozein dela ere, beti diren beraien eskubide eta obligazioen titularrak. “Gaixotasun bat edukitzeagatik eskubide eta obligazio horiez baliatzeko gaitasuna gal daiteke, hau da, nork bere burua gobernatzeko duen gaitasuna gal daiteke. Tutoretza tresnak gaitasun falta hori osatzeko dira”, adierazi zuen.

Era berean, azaldu egin zuen pertsona baten gaitasuna aldatzeko prozedura bati ekin ala ez erabakitzeko, eta epaile bati tutoretza kargua norbaiti emateko eskatu ala ez adosteko, neurri horren premia eta hirugarren baten esku-hartzeak desgaituta dagoen pertsonari bere bizitzan ekarriko dion hobekuntza ebaluatu beharra dagoela. “Izan ere, ezin dugu inoiz ahaztu tutoretza duenak, beti, desgaituta dagoen pertsonaren onerako jardun behar duela eta tutoretza karguak pertsonak babesteko tresnak direla”, adierazi zuen amaitzeko.

ARCHIVOS RELACIONADOS: Descargar

Utzi erantzuna