SARGIk goi mailako gizarteratze teknikarien zeregina aztertu du Nazaret Ikastetxean

Hezkuntza erakundea profil profesional honetarako prestakuntza ikastaro bat ematen ari da lehenengo aldiz, eta Gipuzkoako elkartea gonbidatu du mahai inguru batera.

Nazaret

SARGIk Nazaret ikastetxeak Goi mailako Gizarteratze Teknikaria izateko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzenduta antolatu duen mahai inguruan parte hartu du, figura horrek Gipuzkoan dauden gizartegintzako erakundeetan duen zeregina aztertzeko. Prestakuntza hori ematen den lehenengo aldia da, eta Elkarteak izan duen zeregina izan da azaltzea, hirugarren sektoreko erakundeen ikuspegitik, zer-nolako lanak egin ahal izango dituzten lan eremuan ikastaroaren amaieran titulua eskuratzen dutenek.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan lehen hitzaldia eman eta berehala, SARGIk beste dei bat jaso du, oraingo honetan Nazaret ikastetxetik, bere ikuspuntua emateko eta Goi mailako Gizarteratze Teknikariek Gipuzkoan dauden Gizartegintzako erakundeetan duten zeregina aztertzeko. Jarraian egin zaizkion gonbidapen horiek baieztatu egiten dute nola hainbat urtetan gogor lanean aritu ondoren azkenean Elkartea erreferentziazko erakunde bihurtu den lurraldean, batez ere hirugarren sektoreari dagozkion eremu guztiei dagokienez.

SARGIz gain, hirugarren sektorearen ordezkari gisa parte hartu zuelarik, goi mailako gizarteratze teknikarien profila dutenak lanerako har ditzaketen beste erakunde batzuk ere egon ziren mahai inguruan, esaterako udaletako edo Aldundiko teknikari moduan. SARGIk azaldu egin zuen zer lan egin dezakeen gizarteratze teknikari batek erakunde mota guztietan eta esku-hartze mota guztietan. Adibidez, prestakuntza hori duen pertsona batek ezin du psikologo baten edo gizarte langile baten lana egin, baina bai, berriz, erakundeek garatzen dituzten beste eginkizun batzuk.

Eszenatoki berria

Parte hartzean, SARGIk gogora ekarri zuen gizarteratze alorrean dabiltzan profesionalak eszenatoki aldaketa baten aurrean daudela gaur egun, ohi bezala jardutetik (une jakinetan pertsonen ondoan egotea, modu orokor, asistentzialista eta paternalistan, ondorioz menpekotasun maila handia sortzen dutenak) laguntza prozesu berrira pasatzeko, modu integralean lagunduz, banaka lagunduz eta gaitasunak eskainiz, pertsonak beraien proiektu profesionala beren kabuz kudeatzeko gai izan daitezen.

Hala, azaldu egin zuen eszenatoki berri horrek helburuak lortzeko erabiliko diren teknika, tresna eta bitarteko didaktikoak berritzeko eta sortzeko gai izango diren diziplina anitzeko teknikarien lantaldeak egoteko eskatzen duela, bai eta moldatzeko gai eta polibalenteak izanik lan egiteko ere. Ikuspegi horretatik, gizarteratze lanetan diharduenari egokituko zaio programa eta zerbitzuen eguneroko jardunaren zati bat.

Premisa horiekin, SARGIren ustez gizarteratze lanetan dabilenak honako gaitasun hauek izan beharko lituzke: taldean lan egiteko gaitasuna, erabiltzaileengan pentsatuta lan egitea, iniziatiba eta autonomia, dinamikoa izatea eta energia izatea, komunikatzeko gaitasuna izatea, autokontrola, egokigarria izatea, inplikazioa eta jarraikitasuna.

 

ARCHIVOS RELACIONADOS:  Descargar

Utzi erantzuna