Sargi jaio da, Gipuzkoako Gizarte Erakundeen Koordinaziorako Elkartea

Gizartean aurkeztu zenean, bere helburua Lurraldean egoera txarrenean dauden kolektiboen bizi kalitatea hobetzea zela adierazi zuen.

Asamblea Constituyente

SARGI izenarekin, irabazi asmorik gabeko Gipuzkoako erakunde batzuek plataforma sozial bat eratu zuten joan den uztailean, lurraldean egingo diren foro, batzorde, lantalde, sare eta bestelakoetan beraien ordezkari izateko. Elkartuta indar handiagoa izango dute bakarka defendatzen dituzten kolektibo ahulen interesak eta eskubideak elkarrekin sustatzeko eta babesteko, gizartearen aurrean oro har eta erakundeen aurrean ere bai. Aurkezpen ofiziala duela gutxi egin da, helburu argiarekin: kolektibo horietako pertsonen bizi kalitatea hobetzea.

 

SARGIren sorreraz, gizartean baztertuta dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen arazoei lurralde ikuspegitik heldu ahal izango diegu eta, horrela, denon interesekoak diren gaiak ere landuko ditugu. Hala, dagoeneko bost lantalde eratu dira, besteak beste honako gai hauek lantzeko eta aztertzeko: etxegabeen egoera, oinarrizko errenta jasotzen dutenena, buru osasuneko arazoak dituztenena eta etorkinena.

Plataformaren asmoa da, gainera, ekintzak modu koordinatuan proposatu, defendatu eta gauzatzea, horrela pisu espezifiko handiagoa izango dutelako bai iritzi publikoaren aurrean bai indar sozial, ekonomiko, politiko eta instituzionalen aurrean.

SARGI eratuta berau osatzen duten erakundeen artean esperientziak eta datuak trukatzeko aukera egongo da, eta horrek, halaber, beraien zerbitzuak jasotzen dituzten kolektiboei arreta zerbitzu hobea ematea ahalbidetuko du. Halaber, SARGIk Gipuzkoako Gizarte Erakundeen lana ezagutzera emango du, panorama sozialaren lurralde ikuspegia emanez eta, horrenbestez, panorama sozial hori hobeto aztertzen lagunduko du.

Azpimarratzekoa da, halaber, SARGIk gizartean baztertuta dauden edo egoteko arriskua duten pertsonei arreta ematean erantzun hobea eta eraginkorragoa lortu nahi duela, jakinda pertsona horiek gizartean parte hartzeko bideetara heldu eta enplegua eskuratzeko zailtasun edo oztopo bereziak dituztela; horretarako, erakunde publikoentzako laguntza tresna bihurtzen da, gizarte erakundeen eta administrazioen arteko topagune eta lankidetzarako esparruaren baitan.


Hogeita bat kide

Une honetan SARGIk irabazi asmorik gabeko hogeita bat gizarte erakunde hartzen ditu bere baitan, baina Elkartea irekita dago eta prest dago gizarte bazterketako prozesuak prebenitu, arindu edo zuzentzeko edo inklusiorako edo gizartean parte hartzeko prozesuak bultzatzeko asmoa duten erakunde guztiak hartzeko, haien jardute eremua edozein izanda ere (gizarte ekintza, soziolaborala, soziokulturala, gizarte eta hezkuntza…).

SARGIko kide izateko beharrezkoa da oinarrizko hainbat baldintza betetzea, esaterako, berezko izaera juridikoa duen Gizarte Esku-Hartzerako Erakunde Pribatua izatea, berariaz irabazi asmorik gabea dela adierazita baliabideak eta zerbitzuak kudeatzea, eta bere borondatez Elkarteko kide onartzeko eskaera egitea. SARGIn izena emateko idatziz egin behar da, posta elektronikoko helbide honetara idatzita:  sargi@sargi.org. Plataformako kidea izatea borondatezkoa da eta doakoa.

SARGIk honako organo hauen bitartez egiten du lan: Osoko Bilkura, Koordinazio Taldea eta Lan Batzordeak.  Osoko Bilkura elkartutako erakunde guztiek osatuta dago, gutxienez urtean behin elkartzen da edo gutxienez kideen herenak deituta. Koordinazio Taldean Koordinatzaile Nagusia, Idazkaria eta Lantaldeen Arduradunak daude.  Karguak zozketa bidez izendatzen dira, txandakako hurrenkerari jarraituta eta urtebeterako, eta kide diren erakunde guztien artean betetzen dira.

Hauek dira gaur egun SARGI osatzen duten erakundeak: ACASGI, AGIPAD, ARGABE, ARRATS, CARITAS GIPUZKOA, GIPUZKOAKO GURUTZE GORRIA, ELKARTU, EMAUS FUNDAZIO SOZIALA, ERROAK-SARTU, HAURRALDE FUNDAZIOA, HURKOA FUNDAZIOA, IZAN FUNDAZIOA-GIZAKI HELBURUA, LOIOLAETXEA, RAIS EUSKADI, ZEHARO FUNDAZIOA-GUREAK TALDEA, PEÑASCAL FUNDAZIOA, ASKAGINTZA, AGIFES, HARRI BELTZA, LAHAR ELKARGOA eta ZORROAGA PATRONATUA. SARGIren Koordinatzaile Nagusia ARRATS da eta idazkaritza teknikoa ERROAK-SARTUri dagokio.

 

Utzi erantzuna